Hackeo batek estuasunean jarri ditu Olentzero eta Mari Domingi, Cyberzaintzaren eta 42 Urdulizen jarduera batea

Argitalpen-data: 

  • 6 urtetik 11 urtera bitarteko 50 adingabek baino gehiagok parte hartu dute Cyberzaintzak  eta  42 Urduliz Bizkaia – Telefónica Fundazioak hiru urtez jarraian antolatu duen familia-jarduera honetan.
  • Dagoeneko tradizio den “Christmas hacking” jarduerari esker, txikienak modu dibertigarrian murgildu daitezke zibersegurtasunaren munduan.  
  • Gurasoek gainbegiratzea kezka handienetako bat izanik, helduek baliabide praktikoak jaso dituzte etxean zibersegurtasuna lantzeko.  

Hirugarren urtez jarraian, Cyberzaintzak, Euskadiko Zibersegurtasun Agentziak, “Olentzero 42 – Christmas Hacking” jardueran parte hartu du. Jarduera hori Cyberzaintzak eta 42 Urduliz Bizkaia Telefónica Fundazioak antolatzen dute. Zibersegurtasuna ardatz duen eta familiei zuzenduta dagoen jardunaldi horretan, etxeko txikiek Olentzerori eta Mari Domingiri lagundu diete hackeatutako pasahitza modu dibertigarrian eta didaktikoan berreskuratzen. Familiakoek, adingabeek ongi pasatzen zuten bitartean, jardunbide digital egokiei buruzko hitzaldia jaso dute Euskadiko Zibersegurtasun Agentziako taldearen eskutik, etxean zibersegurtasuna lantzeko baliabide praktikoekin.  

Zibersegurtasuna txiki-txikitatik ikastea

6 urtetik 11 urtera bitarteko 50 adingabek baino gehiagok euren ikerketa digitaleko teknikak probatu dituzte Mari Domingi eta Olentzero eraso informatiko batetik erreskatatzeko. Euren adinetara egokitutako dinamiken bidez, mehatxu digitalak identifikatzen eta zibersegurtasunaren arloko oinarrizko trebetasunak garatzen ikasi dute, ziberdelitugile batek Mari Domingiri eta Olentzerori lapurtutako datu-base bat erreskatatzeko. Horretarako, ekimenak esperientzia gamifikatu bat proposatu du, eta bertan etxeko txikiek hainbat kontzeptu ikasi dituzte, hala nola, enkriptatzea, desenkriptatzea, pasahitz seguruak sortzea, informazio sentikorrik ez ematea sare sozialen bidez eta segurtasuna zaintzea Interneten nabigatzeko orduan.  

Javier Diéguez Euskadiko Zibersegurtasun Agentziaren zuzendari nagusiak, etxeetako kontzientziazioari lotuta, nabarmendu duenez, “zibersegurtasuna txiki-txikitatik landu behar da, gutxienez prebentzio-neurri oinarrizkoenetan. Hau da, gure seme-alabek, pantaila baten aurrean jartzen ditugun une beretik, euren adinerako eta autonomia-mailarako egokiak diren erabilera-arauak ulertu behar dituzte teknologiekiko elkarreraginean”.  

Interneterako sarbidea eta gurasoen gainbegiratze baxua

2024ko urrian argitaratutako EUSTATen azken datuen arabera, Euskadin 15 urteko edo gehiagoko biztanleen % 89,9 konektatu da Internetera bere bizitzako arloren batean, eta, zehazki, 15-24 urteko tartean zifra ia osoa da (% 99,9). Egia esan, etxean edo ikastetxeetan, adingabeak gero eta adin goiztiarragoetan sartzen dira Internetera konektatutako gailuetara. Horregatik, Diéguezen arabera, “ezinbestekoa da adingabeen arduradunek gailuaren erabilera gainbegiratzea, Internetera konektatuta badago, batez ere txikienen kasuan. Askotan, mugikorra adingabeen eskuetan uzten dugu entretenitu daitezen, eta ez gara ohartzen ustekabeko egoeren eraginpean jar ditzakegula, eta izan daiteke adin horietarako eduki desegokia duten “pop-up” banner bat edo sartzen den testu-mezu bateko esteka bat”.

Helduentzako hitzaldiak: familia seguruentzako baliabide praktikoak

Formatuaren helburua kontzientziazioa da, entretenimenduaren ikuspegia galdu gabe. Horrela, haurrak talde-lanean ari ziren bitartean hackerrak Olentzerori eta Mari Domingiri jaiak hondatzeko egiten zituen ahaleginak zapuzteko, helduek familiako zibersegurtasunari buruzko hitzaldia jaso dute, eta bertan funtsezko hainbat gai jorratu dira, hala nola pasahitz seguruen erabilera, gurasoen kontrola, online arriskuak detektatzea eta adingabeekin euren jarduera digitalari buruzko elkarrizketa irekia izatearen garrantzia.  

“Familiak dira ingurune digitaleko lehenengo babes-lerroa. Hitzaldi hauen helburua da pertsona helduak ahalduntzea seme-alabak online arriskuetatik babestu ahal izateko, eta, aldi berean, teknologia modu arduratsu eta positiboan aprobetxatzen erakusteko”, nabarmendu du Javier Diéguezek.  Azken batean, zibersegurtasuna erronka bat da herritar guztientzat, helduentzat nahiz haurrentzat, eta honako hau erantsi du, beraz: “Jardunaldi honek aukera ematen digu adingabeei zein helduei helarazteko zibersegurtasuna denon erantzukizun partekatua dela”.  

Honelako ekimenen bidez, Cyberzaintzak herritarrak zibersegurtasunean trebatzeko eta kontzientziatzeko konpromisoa indartzen du. “Olentzero 42 – Chistmas Hacking” jarduera urteko une oso jakinean egiten bada ere, CiberJendea programak IGEen eta ikastetxeetako hezitzaileen eskutik planifikatutako beste hainbat jarduera barne hartzen ditu, eta urtean zehar garatzen dira. 

Zibereguraldia

Cyberzaintzan, hilero buletin bat argitaratu dugu informazio garrantzitsuenarekin. Bertan, zibersegurtasunaren sektoreari buruzko albiste nabarmenenak bidaltzen dira.

Harpidetu zaitez

Argitaratutako buletinak


Not configured