- Aurtengo lehiaketan LHko 35 ikastetxek parte hartu dute, 350 ikasle ingururekin. Horietatik, bost talderik onenak lehiatu dira gaur Tabakaleran egindako finalean.
Eusko Jaurlaritzak zibersegurtasunaren arloan sustatutako CyberLehiaren III. edizioaren finala hartu du gaur goizean Donostiako Tabakalera kultura-zentroak. Talentuan eta segurtasun digitalean oinarritutako topaketa horretan, Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleek parte hartu dute.
Irekiera instituzionalean, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak eta Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak parte hartu dute. Segurtasun digitalerako estrategikoa den esparru horretan talentuak duen garrantzia nabarmendu dute, eta Eusko Jaurlaritzak egungo erronka teknologikoekin bat datorren Lanbide Heziketa moderno eta espezializatuarekin eta enpresen eta gizartearen premiekin duen konpromisoa azpimarratu.
CyberLehia antolatzearekin, Eusko Jaurlaritzak bi helburu estrategikori erantzuten die: batetik, Lanbide Heziketako ikasleen talentua aitortzea eta bultzatzea, eta, bestetik, zibersegurtasuna lehentasunezko esparru gisa kokatzea, prestakuntza espezializatua eta etengabeko eguneratzea eskatzen duen heinean. Era berean, Cyberzaintzak, Zibersegurtasunaren Euskal Agentziak, ekitaldi hau egitea bultzatu du beste urte batez, datozen urteetan Euskadin Internet eta teknologia berriak erabiltzeak dakartzan mehatxuei modu integral eta zeharkakoan aurre egingo dieten profesionalak prestatzeko.
Hezkuntzako sailburuaren hitzetan, “CyberLehia erreferentziazko ekimena da Euskadiko Lanbide Heziketaren barruan zibersegurtasunaren espezializazioa sustatzeko eta gure ikastetxeetan egiten den goi-mailako lana ikusarazteko. Final honek berresten du Euskadin talentu gaztea existitzen dela, prest dagoela eta segurtasun digitalerako funtsezkoa den esparru baten benetako erronkei erantzuteko gai dela”. Ildo horretan, aditzera eman duenez, “CyberLehia ez da lehiaketa hutsa: Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketak duen mailaren, aukerak sortzeko duen gaitasunaren eta Euskadiko lehiakortasunari eta segurtasun digitalari egiten dion ekarpen zuzenaren erakusgarri da”.
Sailburuak LH Euskadi 2030 estrategiaren barruan kokatu du ekimen hori, estrategia horrek ereduaren erdigunean kokatzen baititu espezializazioa, digitalizazio aurreratua eta produkzio-sarearekiko lotura. “Gure Lanbide Heziketa ingurune ekonomiko eta teknologikoaren egungo premiei erantzuten ari zaie. Zibersegurtasuna ez da joera iragankorra, sektore estrategikoa da, prestakuntza zorrotza, etengabeko eguneratzea eta tokiko talentu kualifikatua eskatzen dituena”, adierazi du.
Gero eta digitalizazioa handiagoko testuinguru honetan, segurtasun digitala ezinbestekoa da lehiakortasun ekonomikorako eta funtsezko zerbitzuak babesteko. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak bi sailen arteko lankidetza nabarmendu du eta CyberLehia bezalako ekimenek “orainari baina baita etorkizunari ere begiratzea” proposatzen digutela azpimarratu du. Hurrengo belaunaldiengan jardun behar dugu, eta zibersegurtasunaren alorrean gazteen prestakuntza bermatu, mundu digitalarekin eta zibersegurtasunarekin lotutako industrian belaunaldien arteko erreleboa gerta dadin, lurraldearen babes digitala ziurtatzen dugun bitartean”.
Zibersegurtasunaren arloko prestakuntza duten 350 ikasle
xapelketak izan dituen faseetan, Lanbide Heziketako 35 ikastetxek parte hartu dute, 350 ikasle ingururekin. Horietatik, bost talderik onenak, hiruna kiderekin, lehiatu dira gaur Tabakaleran egin den finalean.
Azken faseak bi proba izan ditu, teorikoa eta praktikoa. Lehenik, enpresa batean izandako zibersegurtasun-gorabehera erreal bat garatu behar izan dute, sektoreko adituek ebaluatua eta alderdi teknikoetara zein antolamendukoetara bideratua. Eta gaur goizean CTF motako proba praktikoa egin dute, eraso/defentsa modalitatean. Proba horretan, talde bakoitzak bere azpiegitura digitala babestu behar izan du, besteena urratzen saiatzen zen bitartean, ingurune profesionaleko benetako egoeren antzera.
Gainera, lehiaketa egiten zen bitartean, hitzaldiak eta saio tekniko aurreratuak antolatu dira, besteak beste, adimen artifizialaren aplikazioari buruzkoak eta industria-inguruneetako zibersegurtasunari buruzkoak.
Sektoreko enpresek ere parte hartu dute, eta espazio propioak izan dituzte beren jarduera aurkezteko eta ikasleekin harremanetan jartzeko. Horien artean zeuden Cyber Struggle, Sarenet, Devoteam, Orbik, JakinCode, Advens, RootMe, Secure&IT, CyberTix, PUNTUEUS, S2 Grupo eta Alias. Enpresen inplikazioak, beraz, Lanbide Heziketako Euskal Autonomia Erkidegoko ereduaren zutabeetako bat indartu du, prestakuntzaren, berrikuntzaren eta produkzio-sarearen arteko lotura zuzena nabarmenduta.
Talde finalistak
- MKDLNULL (Uni Eibar-Ermua + Birt)
- GTFObeans (CIFP Txurdinaga LHII)
- LHG67 (CPIFP Maristak Durango LHIPI)
- kalimotxo (CPIFP Lea-Artibai LHIPI)
- tr1o d3 c4ve1r4s (IES Xabier Zubiri-Manteo BHI)