CyberLehia Euskadiko zibersegurtasuneko talentu profesionalerako erreferente gisa finkatu da

Argitalpen-data: 

Cyberzaintza

CyberLehia 2026an parte hartu duten 5 talde finalisten familia argazkia

Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetatik etorritako bost taldetako parte hartzen duten ikasleen adimen gazte eta gogotsuek CyberLehiaren final estuan lehiatu ziren, aurtengoa dagoeneko hirugarren edizioa izan delarik. Euskadin zibersegurtasunaren arloko talentu profesionala erakusteko erreferente gisa finkatu den lehiaketa da, eta LHko 35 zentrotatik etorritako 350 ikasleri dei egitea lortu du.

Parte-hartzaile kopurua handitu egin da edizio honetan, aurrekoen arrakastaren ondoren, eta finalean 400 pertsona baino gehiago batu ziren, ikasleen, irakasleen, sektoreko espezialisten, erakundeen eta sortzen ari den talentua gertutik ezagutzeko interesa duten enpresa teknologikoen artean.

CyberLehia Cyberzaintzatik antolatzen dugun ekimena da, Euskadiko Lanbide Heziketako Sailburuodetzaren bitartez bultzatua eta Tknikarekin elkarlanean. Horrela, lehiaketak, plataforma gisa duen rola indartzen jarraitzen du, Euskadiren etorkizuneko profesional berriak identifikatzeko, sustatzeko eta haien artean konexioak egiteko; azken finean, Euskadiren etorkizun digitala babesten laguntzeko asmoz.

Emakumeen parte-hartzea aintzat hartzea

Aurtengo ediziotik nabarmenduko genuke Inge Gorostiagak sari berezia eman diola txapelketan parte hartu duten emakumezko gehien parte-hartzaile dituen zentroari. Sari hau Ciudad Jardín LHII ikastetxeko irakasle Itxaso Sanezek jaso zuen. Batez ere, zibersegurtasunaren arloan eta, oro har, lanbide teknologikoetan emakumeen ordezkaritza azpimarratzea eta sustatzea garrantzitsuak dira hurrengo belaunaldientzat eta emakume gutxi dituzten irteera profesionaletan eredu izan daitezen; besteak beste,  etorkizuneko emakumezko ingeniari, teknologo eta zientzialari.

Bost talde finalean

Sailkapen faseen ondoren, hauek izan ziren finalera iritsi ziren bost taldeak, azken puntuazioaren arabera:

  1. tr1o d3 c4ve1r4s (IES Xabier Zubiri-Manteo BHI)
  2. MKDLNULL (Uni Eibar-Ermua + Birt)
  3. GTFObeans (CIFP Txurdinaga LHII)
  4. LHG67 (CPIFP Maristak Durango LHIPI)
  5. Kalimotxo (CPIFP Lea-Artibai LHIPI)

Azken jardunaldian, taldeek hainbat erronka teknikori aurre egin behar izan zieten, ingurune lehiakor batean eta, hala, probatzeko moduan jarri zituzten aztertzeko,  arazoak konpontzeko eta taldean lan egiteko dituzten gaitasunak. Gure zuzendari nagusiak, Javier Diéguezek, hainbat sari banatu zituen Euskadiko Zibersegurtasun Agentziaren izenean.

Profil berriei irekita dagoen lehiaketa

Zibersegurtasunaren alorrera ikasleak erakartzeko eta motibatzeko asmoarekin sortu zen CyberLehia; izan ere, sektore estrategiko horrek proiekzio profesional handia du. Gainera, gero eta espezialista gehiago eskatzen ditu sektoreak. Aurtengo berritasun nagusietako bat izan da ez zela beharrezkoa aldez aurretik informatika edo zibersegurtasuneko prestakuntzarik izatea parte hartzeko. 

Parte-hartzaile berriak erakartzeko desioaz, txapelketaren lehen fasean 100 erronka inguru planteatu ziren, horietako asko sarrera-mailakoak, jakin-mina eta ikertzeko gaitasuna zuten ikasleei oinarrizko tresnak edo, areago, bilatzaileak erabiliz konpontzeko aukera eman zietenak. Esperientzia berritzaile eta atsegina da, sektorearekin harremanik izan ez duten pertsonek zibersegurtasunarekiko interesa pizteko eta harengana hurbiltzeko.

Ikasleak eta enpresak konektatzeko lekua

CyberLehia ere indarra hartzen ari den talentuaren eta sektoreko enpresa-ekosistemaren arteko lotura-gune gisa finkatu da. Edizio honetan 12 enpresak hartu zuten parte, stand-a jarrita, eta jardunaldian eskaini ziren ponentzietako esperientzia profesional eta teknikoekin bat egin zuten. 

Cyberzaintzatik animatzen jarraitu nahi dugu finalean parte hartu baina finalera iritsi ez zirenak edo edizio honetan parte hartzera ausartu ez zirenak, prestatzen jarrai dezaten eta zibersegurtasunak eskaintzen dien etorkizuna aurki dezaten. Eta, jakina, talde irabazleak zoriondu nahi ditugu gainditu dituzten erronka guztiengatik, haien asmamen, sormen eta ezagutzei esker. Gure webguneko ikasleen atalean, sektoreko irteera profesionalei buruzko informazio gehiago aurki daiteke. 

Eta gainera, final zirraragarri hau iruditan ikusi nahi baduzu, ezin duzu argazki-bilduma hau galdu.

Zibereguraldia

Cyberzaintzan, hilero buletin bat argitaratu dugu informazio garrantzitsuenarekin. Bertan, zibersegurtasunaren sektoreari buruzko albiste nabarmenenak bidaltzen dira.

Harpidetu zaitez

Argitaratutako buletinak


Not configured