Cyberzaintzak, Zibersegurtasunaren Euskal Agentziak, Zentro Kriptologiko Nazionalaren (CCN) aintzatespena lortu du Sektore Publikoaren Auditoria Teknikoko Organo (OAT) gisa,Segurtasun Eskema Nazionalaren (ENS) arau-esparruak euskal sektore publikoaren eremuan eskatzen duen segurtasun-ziurtagiria lortzeko. Auudi horrek zehazten du zer segurtasun-neurri aplikatu behar dituzten administrazio publikoek Estatu osoan, herritarren informazioa eta ematen dituzten zerbitzu digitalak babesteko. Cyberzaintza izango da Euskadin ziurtagiri hori lortzeko gaitasuna izango duen erakunde publiko bakarra.
Aitorpen honen bidez, zibersegurtasunaren arloko gaitasun publikoak indartzen dira, euskal erakundeek ENSek ezarritako betebeharrak betetzean aurrera egin ahal izan dezaten. Aitorpen horrek bermatzen du, halaber, sektore publikoaren barruan inpartzialak eta konfidentzialak izango diren eta erakunde ziurtatzailearen eta auditatutako administrazioen artean interes-gatazkarik izango ez duten protokolo-sendoak izatea.
Javier Dieguez Zibersegurtasunaren Euskal Agentziako (Cyberzaintza) zuzendari nagusiaren hitzetan, “mugarri hori oso urrats garrantzitsua da euskal sektore publikoko zerbitzuen zibersegurtasuna indartzeko. Ziurtapen-gaitasun propioa izateak aukera ematen digu Euskadiko erakundeen heldutasuna hurbilagotik, jarraituago, ordenatuago eta homogeneoago neurtzeko, Segurtasun Eskema Nazionala betetzeari dagokionez. Hala, informazio-sistemen eta euskal gizarteari ematen dizkioten zerbitzuen babes-maila pixkanaka igotzeko hobekuntza-bideak identifikatuko dira. Gure konpromisoa da prozesu hori esparru publikotik erraztea, euskal erakundeen errealitatea sakon ezagutuz eta Euskadirentzat ingurune digital seguruagoa eta erresilienteagoa eraikitzeko helburuarekin”.
Euskal administrazioei laguntzeko tresna publikoa
Cyberzaintzak doan emango du zerbitzu hori, eta horrek erraztu eta bizkortu egingo du erakunde publikoen auditoria eta ziurtapen prozesua. Horrek erraztu egingo du, batez ere, ENSerako egokitzapena oraindik amaitu ez duten edo prozesua hasteko, zalantzak argitzeko edo ziurtagiria lortzeko beharrezko urratsak identifikatzeko laguntza behar duten erakundeen sarbidea. Hemendik aurrera, bere errealitate administratibo eta teknologikoa ezagutzen duen eta prozesu hau euskaraz ere garatzeko gaitasuna duen euskal erakunde publiko batek ziurtatu ahal izango ditu.
Horrela, zibersegurtasunaren arloko ebaluazio, laguntza eta etengabeko hobekuntzarako esparru komun bat bultzatzen da, homogeneoa izango dena sektore publiko osoarentzat.
Cyberzaintzaren gaitasunen aitorpena
Cyberzaintza OAT gisa aitortu izanak bere gaitasunak ofizialki egiaztatzen ditu eta, horrez gainera, bere barneko prozeduren sendotasuna egiaztatzen du, bai eta inpartzialtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko eta interes-gatazken prebentziorako dituen mekanismoetan konfiantza osoa dagoela ere. Horrela, zibersegurtasunaren arloan Euskadin erreferentziako erakunde publiko gisa duen zeregina indartzen du.
Zibersegurtasunaren Euskal Agentziak euskal ekosistema publikoaren ikuspegi integrala du, eta beharrezko gaitasunak ditu erakunde publikoei laguntzeko, osagai arauemailea ez ezik, estrategikoa ere baduen prozesu batean: herritarren datuak hobeto babestea eta zerbitzu publiko digitalen jarraitutasuna, segurtasuna eta erresilientzia zaintzea.
CCNren aintzatespenaren arabera, Cyberzaintza, sortu eta bi urte eta erdira bakarrik, Estatuan horrelako ziurtagirietarako gaitasuna duten erakunde publikoen talde txiki baten barruan dago. Autonomien esparruan, aintzatespen horrek indartu egiten du Euskadik baliabide propioak eta publikoak izateko duen gaitasuna, administrazioen eta herritarren segurtasunerako kritikoa den gai batean.
Segurtasun handiagoa herritarrentzat eta zerbitzu publikoentzat
Aitortza hori lortzeak eragin zuzena du herritarrengan. Zenbat eta gehiago egokitu administrazio publikoak Segurtasunaren Eskema Nazionalera, orduan eta gehiago babestuko dira datu pertsonalak, informazio publikoa eta pertsonek zerbitzu digitalen bidez egiten dituzten kudeaketak.
OATek erakunde publikoek ENSera egokitzeko prozesu horretan arinago eta modu ordenatuagoan aurrera egiten laguntzen dute. Euskadiren kasuan, Cyberzaintzak eremu publikotik egin ahal izateak, gainera, aurrekontu-eraginkortasun handiagoa ahalbidetzen du, eta, horrela, baliabide gehiago bideratu ahal izango dira interes orokorreko beste helburu batzuetara.
Zibersegurtasuna gure garaiko erronka handienetako bat den testuinguruan, aintzatespen horrek Euskadiko ibilbide-orria indartzen du, euskal sektore publikoaren zerbitzuak eta azpiegitura sentikorrak babesteko, euskal gizartea ahalduntzeko eta arrisku digitalen aurrean prestatutako ekosistema bat eraikitzen jarraitzeko.