Iruzur egin didate: internet bidez erosketa bat egin nuen eta ez dut artikulua jaso
Azken urteotan, onlineko merkataritzak gora egin du pixkanaka eta gero eta interkonektatuago eta ingurune digitalean eragiketak egiten gero eta ohituago dagoen gizartean ohiko jarduera bihurtu da. Ziberkriminalek ondo dakite hori guztia haientzako aukera bihur daitekeela eta erabiltzaileei iruzur egiteko estrategiak diseinatzen dituzte. Hala, lortutako informazioaren arabera, zuzenekoa edo zeharkakoa izan daitekeen onura ekonomikoa lortzen dute.
Ziberkriminalek hainbat aitzakia erabiltzen dute iruzur mota horietarako. Honako hauek dira ohikoenak:
Arropa-marka ofizialen antzeko webguneak argitaratzen dituzte haien irudia ordeztuta. Horietan, artikuluak beherapen handiekin iragartzen dituzte sartu diren pertsonen interesa erakarri eta, hala, erosketaren bat egitea lortzeko. Kasu gehienetan, ez dute produkturik izaten edo ez dira orrialdean iragarritako horiekin bat etortzen. Hori beharrean, kalitate txarreko faltsifikazioak izaten dira.
Beste batzuetan, aldiz, artikuluak (askotan bigarren eskukoak) salerosteko edo alokairuetako orrialde ezagunak erabiltzen dituzte jendea erakartzeko iragarkiak zintzilikatzeko. Horien helburua ere erabiltzaileen arreta erakartzea izaten da.
Kontuan izan behar dugu zerbait egia izateko onegia bada, seguru asko, erabat ondo ez dagoen zerbait egongo dela atzean.