Eguneraketa

Teknologiaren arloan, eguneraketa softwarea aldatzea da, funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetzeko helburuarekin. Sistema eragilea, nabigatzailea edo edozein programa eta aplikazio mota izan daiteke.

Sistema batean kalteberatasunak baldin badaude, erasotzaile batek erabiltzeko aukera zabaltzen da eta horrek arriskuan jar dezake segurtasuna. Sistema arriskuan baldin badago, erasotzaile batek instalatuta dagoen gailua espia dezake, informazioa ateraz, ohiko funtzionamendua aldatuz edo zuzenean ematen duen zerbitzua eragotziz. Kalteberatasun hori hautematen dutenean, garatzaileek softwarea birprogramatzen dute, segurtasun-hutsunea konpondu eta aktore gaiztoek ustia ez dezaten.

Softwarearen eguneraketa oinarrizko segurtasun-neurria da. Aldizka eguneratzen ez bada, softwarearen aurreko bertsioetako kalteberatasunek gure gailuetan egoten jarraituko dute, eta segurtasun-hutsune hori ustiatzeko gai denak arriskuan jar lezake.

Segurtasuneko akatsez gain, sistema eragileek edo gailu jakin batzuek izan ohi dituzten funtzionamendu-arazoak konpontzen dituzte eguneraketek. Eguneraketek errendimendua hobetzen dute edo akatsak zuzentzen dituzte.

Gomendagarria da gure gailu eta aplikazioetako eguneraketen egoerei adi egotea, jasotzen ditugun ohartarazpenei jaramon egitea eta hobekuntzak argitaratu bezain pronto eguneratzea.

Denbora igaro ahala, softwarea zaharkituta geratzen da edo bertsio berriek ordezkatzen dute, eta garatzaileek eguneraketak sortzeari uzten diote eta kalteberatasunak konpontzeko zerbitzuak eskuragarri egoteari uzten dio. Beraz, ez da gomendagarria gure gailuetan software zaharra edo eguneratu gabea izatea.

Softwarearen hornitzailea da eguneraketen arduraduna eta deskargatu ahal izateko webgune ofizialak izan ohi ditu. Oso garrantzitsua da softwareak webgune horietatik deskargatzea, izan ere, sarritan, zibererasotzaileek garatzaileak ordezkatzen dituzte erabiltzaileari iruzur egin eta softwarearen bertsioa arriskutsua deskarga dezaten, ofiziala dela ustez. Funtsezkoa da garatzaileen edo fabrikatzaileen bitarteko ofizialak erabiltzea.

Eguneraketak baztertzeak izan ditzakeen ondorioen adibide historiko bat 2017an egin zuten WannaCry zibererasoa da. WannaCry izena jarri zioten ransomware motako malware bati. Ransomwareak erakundearen informazio-sistemak zifratzen ditu eta langileei sarbidea eragozten die edo erakundearen sarera legez kontra sartuz datu konfidentzialak lapurtzea lortzen du. Gero, ransomwarea bidali duten zibererasotzaileek diru kopuru bat eskatzen diote erakundeari erreskate gisa, eta mehatxu egiten diote lapurtutako datuak argitaratuko dituztela ospeari kalte egiteko edo erakundeak behar bezala funtzionatzeko beharrezko informaziorako sarbidea eragotziko dietela. Kasu horretan, egiaztatu zuten kaltetutako erakundeek erasoa saihestu zezaketela softwarea eguneratu izan balute, izan ere, erasoa baino hilabete batzuk lehenago egin zuten eguneraketan WannaCry blokeatzeko beharrezko neurriak txertatu zituzten garatzaileek.