Rootkit
Biktimaren ekipoan urruneko sarbidea eta kontrola eskaintzen dituen bitartean ezkutuan egoteko diseinatutako software-paketea. Zibergaizkileek rootkitak erabiltzen dituzte ekipo bat manipulatzeko jabeak jakin gabe eta haren baimenik gabe.
Hitzaren lehen zatia –root edo “erroa”– gailu baten administratzaile-kontuari dagokio. Kontu horrek aukera ematen du gailuaren alderdi guztiak atzitzeko, eta pribilegio guztiak eta kontrol-maila sakonagokoak ditu, landare baten erroek bezala. Rootkitek aukera ematen diote delitugileari sisteman “errotzeko”, mantenugai bila dabilen zuhaitz bat bezala. Terminoaren bigarren zatiak –kit edo “paketea”– erreferentzia egiten dio root sarbidea desblokeatzeko moduari: software-pakete (kit) baten bidez, delitugileari administrazio-kontrola ematen dio. Erasotzaileak software-kit bat sortzen du, eraso-sisteman root pribilegioak ematen dizkiona.
Delitugileek troiarren bidez zabaltzen dituzte beren rootkitak. Malware-mota hori erabiltzailea engainatzen saiatzen da, hura deskarga edo ireki dezan. Hori egitean, troiarrak rootkita sartzen du. Horregatik, ekipoa malware-mota guztien aurka babestuta ez badago, bidea irekitzen zaie erasotzaileen asmo gaiztoei eta haien rootkitei.
Rootkitak malwarea dira legez kanpoko helburuekin erabiltzen direnean. Hala ere, erabiltzaile batzuek rootkitak instalatzen dituzte beren gailuetan, jailbreak izeneko prozesu baten barruan, fabrikatzaile batek integratutako murrizketak saihesteko. Batzuetan, agintariek eta polizia-agentziek ere rootkitak ere erabiltzen dituzte delitu-jardueren ikerketetan.
Berez, rootkitaren delituzko erabilera aukerakoa da; dena izango da erabiltzen den helburuaren araberakoa. Rootkiten bidez, malwarea gailu batean ezkuta daiteke, eta infekzioa garbitzea zaildu eta galaraz dezakete. Gailu batean instalatutako rootkit batek urruneko sarbidea ematen dio erasotzaileari sistema eragilearen ia funtzio guztietarako, eta, gainera, detektatu gabe egiten du.
Rootkitek ekipo baten programazioaren sakontasunean lan egiten du, eta bertatik gai dira ekipoaren existentziaren ia arrasto guztiak ezkutatzeko. Neurri handi batean, sotiltasun horrek egiten ditu hain arriskutsuak. Rootkit batzuek ekipoaren segurtasun-programak manipula edo desaktiba ditzakete, eta, horrela, are zailagoa da halakoak detektatzea eta ezabatzea.
Gehienetan, zibergaizkileek rootkitak erabiltzen dituzte informazioa lapurtzeko edo datu pertsonalak biltzeko, identitatea ordezteko eta bestelako iruzurretarako. Enpresak ere tresna horren biktima izan daitezke, haiek zelatatzeko edo finantza-delituak egiteko erabil baitaitezke.
Zibergaizkileek tresna hori egokitu dezakete lortu nahi dutenaren arabera. Rootkit batzuek “atzeko ate” iraunkor bat sor dezakete erasotzailea aurrerago itzuli ahal izateko irekita geratu den sistema batera. Beste batzuek aukera ematen dute erabiltzaileak bere ekipoa nola erabiltzen duen zelatatzeko. Rootkit horiekin, delitugileak Interneteko trafikoa eten dezake, sakatzen dituen teklak erregistratu ditzake, eta mezu elektronikoak irakurri ere bai.