Exploita
Zaurgarritasun bat (aplikazio, sistema edo gailu baten segurtasun-hutsegite bat) baliatzen duen kodea edo programa da, zibergaizkile bati sistema horietan ustekabeko edo nahi ez den portaera bat eragiteko aukera ematen diona. Ingelesez, ustiatzea edo aprobetxatzea esan nahi du. Exploit baten bidez helburu desberdinak lor ditzakete, eta askotariko erasoak egin ditzakete:
- Sistema edo aplikazio batean sartzea erasoren bat egin ahal izateko.
- Zerbitzu-ukapenaren erasoa (DoS) eragitea, sare edo sistema bat erortzea helburu duena, erabiltzaile legitimoei sarbidea eragozteko.
- Administratzaile- edo root pribilegioak (guztizko baimena) dituen sistema baterako sarbidea lortzea mugimendu-marjina eta erabateko sarbidea lortzeko, eraso bat egiteko asmoz, hala nola malwarea sartzeko edo informazioa lapurtzeko.
Tresna horrek sarbidea ematen die zibergaizkileei dauden zaurgarritasunez baliatu ahal izateko; ez da eraso bat berez. Hainbat mota daude software kalteberarekin harremanetan jartzeko moduaren arabera:
- Urrutiko exploita: Komunikazio-sare bat erabiltzen badu biktima den sistemarekin harremanetan jartzeko. Adibidez, barne-sare bereko beste ekipamendu bat erabil dezake edo Internetetik bertatik sarbidea izan dezake.
- Tokiko exploita: Exploita exekutatzeko aurrez sistema kalteberarako sarbidea eduki behar bada. Adibidez, exploitak hura exekutatzen duenaren pribilegioak handitu ditzake. Era horretako exploitak erabil ditzake tokiko makinara urrutiko exploit baten bidez sar daitekeen urrutiko erasotzaile batek ere.
- Exploit-a bezeroan: Erakundeetako ordenagailu askotan instalatutako aplikazioen zaurgarritasunak aprobetxatzen dituzte: bulegotikako softwarea (Microsoft Office, Open Office), PDF irakurgailuak (Adobe Acrobat Reader), arakatzaileak (Internet Explorer, Firefox, Chrome, Safari) edo multimedia-irakurgailuak (Windows Media Player, Winamp, iTunes). Exploita era horretako aplikazioen bidez interpretatutako fitxategien barruan dago, eta hainbat bitartekoren bidez lortzen du helburua, hala nola posta batean edo USB memoria batean. Fitxategia programak erabiliko du, eta ez badu beste programa batek geldiarazten (adibidez, antibirus batek), segurtasun-zaurgarritasuna aprobetxatuko du.
Exploiten zaurgarritasunak ezagunak izan daitezke edo oraindik ez:
- Exploit ezagunak (CVE): Existitzen direla jakina da, eta horientzat konponbideak bilatzen dira, segurtasun-adabakien bidez normalean,zibergaizkileek zaurgarritasun horiek ustiatzen jarraitu ahal izan ez dezaten.
- Exploit ezezagunak (0-day): Kategoria honetan sartzen dira gaur egun publikoki ezagutzen ez diren exploit guztiak (ingelesez "0-day" edo 0 eguneko exploit gisa ezagutzen direnak) eta, beraz, baliteke zibergaizkileek horiek ustiatzen aritzea, eta oraindik ez izatea zaurgarritasunak eragiten dituen erabiltzaileak babesteko adabakirik edo konponbiderik.
Exploitak ez dituzte zibergaizkileek soilik erabiltzen, zibersegurtasunean adituak ere erabiltzen dituzte sistemak, sareak edo gailuak auditatzeko edo babes-sistemetan hobekuntzak garatzeko. Exploit bidez eragindako erasoen biktima ez izateko, ondo identifikatuta eta azken bertsioarekin eguneratuta eduki behar ditugu gure gailuak, aplikazioak eta sistema eragileak.