Cyberzaintzak 2026ko AMA Marketing Komunikazio Saria jaso du Zurekin Doa | Se mueve contigo kanpainagatik

Argitalpen-data: 

Cyberzaintza

Cyberzaintzako kideen argazkia AMA 2026 Saria jasotzen

Joan den ostiralean, azaroaren 13an, Komunikazioaren AMA Marketing 2026 Saria jaso genuen “Zurekin Doa | Se mueve contigo” kanpainagatik. Epaimahaiak aitortu zuen gure komunikazio-estrategiak herritarrei informazio erabilgarria eta eskuragarria hurbiltzeko eta arrisku digitalak prebenitzen laguntzeko duen gaitasuna. Halaber, nabarmendu zuen kanpaina komunikazioak herritarrak sentsibilizatzen, prebentzioa sustatzen eta ingurune digitalean segurtasuna hobetzen nola lagun dezakeen erakusten duen adibidea dela.

Amelia Sancho de la Garzak, Deiako zuzendari komertzialak, eman zion saria gure zuzendariari, Javier Diéguezi. Berarekin batera, Raquel Ballesteros, Cyberzaintzako Komunikazio zuzendaria; Patricia Pérez, Punto y Seguido agentziako arduraduna; eta Germán Rubio, Estrategia zuzendaria eta Panarama ekoiztetxeko bazkidea, izan ziren.

Hitzaldian, Javier Diéguezek nabarmendu zuen arrisku digitaletatik babesteko gure lana ez dagoela teknologiaren mende soilik, pertsonek ere funtsezko zeregina betetzen dutela baizik. Testuinguru horretan, komunikazioak prebentzio-tresna gisa duen garrantzia azpimarratu zuen: ez da nahikoa mehatxuak identifikatzea; mehatxu horiek modu ulergarrian azaltzen jakitea, haien ondorioei buruzko kontzientzia sortzea eta ingurune digitalean segurtasun eta zuhurtasun handiagoz moldatzea ahalbidetuko diguten ohiturak sustatzea ere beharrezkoa da.

Hain zuzen ere, horixe da “Zurekin Doa | Se mueve contigo” kanpainaren helburu nagusietako bat: zibersegurtasuna pertsona guztiengana hurbiltzea, adina edo ezagutza digitalak edozein direla ere, lau kontzeptu erraz eta gogoratzeko errazen bidez: pentsatu, babestu, berrikusi eta errespetatu.

Diéguezek komunikazioak administrazio publikoetan duen papera ere balioan jarri zuen, haren helburua erakunde publiko bat ezagutaraztetik edo posizionatzetik harago joan behar duela adieraziz. Ildo horretan, komunikazioa herritarren zerbitzura dagoen tresna gisa defendatu zuen, informazio erabilgarria emateko eta zerbitzu publikoak hobeto ematen laguntzeko gai den tresna gisa. Filosofia horrekin sustatu dugu gure kanpaina: hobeto informatutako herritarrak hobeto babestutakoak ere badira.

AMA Marketing Sarien zortzigarren edizio honetan, lehen PESMES izenez ezagutzen ziren sarietan, 50 enpresa inguruk eta 25 agentzia baino gehiagok hartu zuten parte. Gainera, AMA elkartearen 30. urteurrena ere ospatu zen ekitaldian. Elkarte hori UPV/EHUko Marketin Masterreko ikasle-talde baten ekimenetik sortu zen, eta haren helburua da Euskadin garatutako talentua, berrikuntza eta marketineko jardunbide egokiak bultzatzea eta ikusaraztea.

Eskerrak eman nahi dizkiogu AMA elkarteari aitortza honengatik, baita Punto y Seguido agentziari eta Panarama ekoiztetxeari ere, kanpaina garatzeko egindako lanagatik, eta Eusko Trenbideaki, kanpaina gauzatzen laguntzeagatik.

Zibereguraldia

Cyberzaintzan, hilero buletin bat argitaratu dugu informazio garrantzitsuenarekin. Bertan, zibersegurtasunaren sektoreari buruzko albiste nabarmenenak bidaltzen dira.

Harpidetu zaitez

Argitaratutako buletinak


Not configured